IKASTAROA: HIZKUNTZA LANTZEKO JOLAS ETA DINAMIKAK

Irakasle eta haurrekin lan egiten duen edonorentzat zuzendutako ikastaroa. Ikastaro honen helburua, haurrek euskararen erabilera sustatzeko estrategia eta dinamika desberdinak ikastea izango da.

Erabiliko ditugun jolasek hiru ezaugarri hauek, motibazioa, ezagutza eta erabilera beteko dituzte. Jolasa oso gauza dibertigarria izan daiteke, atsegina. Ondorioz, euskara jolasarekin lotuz gero, euskara atsegina den zerbaitekin lotzen dute haurrek.

Ezagutzen ditugun jolasen artean hiru jolas mota hauek aukeratu ditugu, urteetan izandako esperientziak erakutsi digulako, eraginkorrena direla haurren motibazioa sustatu, ezaguera areagotu eta erabilera bultzatzeko.

ANIMAZIO JOLASAK

Aukeratu ditugun jolasak abestiekin lotuta doaz, horregatik, une honetan abestu eta dantza egingo dugu koreografiak ikasiz edo/ta asmatuz. Errepikapena eta keinuketan haurrek egiturak erraz barneratzen dituzte.

HIZKUNTZA JOLASAK

Jolas hauekin ahozko hizkuntza landuko dugu. Jolasteko derrigorrezkoa da deskribatzea, ulertzea eta batez ere hitz egitea. Hizkuntza egiturak eta hiztegia barneratzea eta aberastea izango da jolas hauen helburua.

LEHIAKETA JOLASAK

Taldean jolasean, frogak eta oztopoak gaindituko ditugu proposatutako helburua lortzeko. Hauetako jolas batzuk ezagunak dira telebistan azaltzen direlako, hauek Lehen Hezkuntzako haurren hizkuntzaren beharrei egokituko ditugu. Era berean, jolas kooperatiboetan bihurtu ditzakegu.